Larraiztik Lizarrustira haize eta elur artean

Udaberriko mendi ibilbide aparta igandean gozatu ahal izan genuena. 7:30etan autobusez abiatu eta Larraiztik irtenda eguzkitan egin genuen ibilbidea. Hegoaizeak hotzak uxatuko zituela bazirudien ere, majo orraztu zizkigun betazalak goiko muinoetako haizeteak.

 

Alotzarako bidegurutzean bi talde egitea erabaki genuen, batzuk zuzenean Alotzarantz eta gainontzekoak Txindokipeko lepora  Ehun milak frogan egin ohi duten ibilbidearekin bat eginez, atzean Txindoki utzita, Ganbora bidean.

20160410_Aralar_Uarrainerantz

Goiko muinoetara iristea kostatu zitzaigun bai, haize bortitza aurrez-aurre baikenuen. Azkenean, haizearen indarra gehiegizkoa zela iritzita, Ganbo egun lasaiago batean igotzeko utzi eta Alotza aldera jo zuen bigarren taldeak ere, beste taldearekin bat egitera. Handik denok elkarrekin Uarrain igo eta, beheraxeo, haize ezkutu baten sarturik merezitako hamaiketakoa jan genuen.

Gogorrena eginda, beheraka abiatu ginen, Oiduiegiko txabolen albotik Lizarrustira bidean. Jetsieran  izan zen bai, patinaje eta ipurdikoen kontura, madarikaziorik eta barrerik bota zuenik ere!

20160410_Uarraindik_mendebaldera

Utzi erantzuna