XV. BEASAINGO MENDI ASTEA
Badator mendizaleek horrenbeste maite duten zita. Urriaren 25tik 29ra izango da “Beasaingo Mendi Astea”. Ikus-entzunezko guztiak Usurbe Antzokian izango dira 19:30ean. Antolatzaileak Arrastaka Mendi Taldea eta Aizkorri Mendizale Elkartea dira, Beasaingo Udalaren laguntzarekin.
Lau ikus-entzunezkok osatuko dute “Beasaingo Mendi Astea”-ren hamabosgarren edizioa, parada ezin hobea mendizaletasunaren inguruko esperientziak ezagutu eta partekatzeko.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere mendizaletasunaren arloan ezagunak diren kirolarien presentzia izango dugu eta zuzenean kontatuko dizkigute mendian bizi izan dituzten esperientziak.
Aurten Adolfo Madinabeitia, Òscar Cadiach, Aitor Iguiñitz eta Luis Arrieta izango ditugu gure artean.
PATAGONIZADOS.
ADOLFO MADINABEITIA
Urriak 25, Asteartea.
Usurbe Antzokian. 19:30ean
Zikloari hasiera asteartean, urriaren 25ean, emango diogu “Patagoniartuta” ikus-entzunezkoarekin Adolfo Madinabeitiaren eskutik.
Adolfo Madinabeitiari buruz hitz egitea Euskal Herriko eskaladaren historiari buruz hitz egitea da gaur egun. Horma handien eskaladan espezialistarik handienetakoa da. Bere mendi-biografia eskalatzaile onen jenerazio oso bat inspiratu duen lorpen garrantzitsuz josia dago.
2015eko uda australean Adolfo Madinabeitiak Argentinako Patagoniara egin zuen bidaia. Beste zenbait igoeren artean Fitz Roy eskalatu zuen Afanassieff bidetik. Hura lehen begiradako maitasuna izan zen eta erabat “patagoniartuta” geratu zen.
Ikus-entzunezkoaren izenburuak dioen gisan, Patagoniak “harrapatu, irentsi, atzeman eta sorgindu egiten zaitu”.
Urtez urte El Chalten-era itzulita igoera txikixeagoak eskalatzen ibili zen 2020an Cerro Torre eskalatuta zirkulua itxi zuen arte.
“ Patagoniartuta: abenturari egindako deia da, gure konfort-gunetik atera eta fantasiazkoa eta bakana den ingurunearen erdian kokatzen gaitu, kono hego amerikarraren ertzik australenean, Patagoniako naturaren legeek agintzen duten lekuan.
Patagoniartuta Patagoniako kapritxoekin urruma egin eta harritzeko gai diren guztientzat erreserbatutako gogo-aldartea da”.
HAT TRICK CATALÁN:
Annapurna, Dhaulagiri y K2
ÒSCAR CADIACH
Urriak 26, Asteazkena.
Usurbe Antzokian. 19:30ean
Urriaren 26-ko ikus-entzunezkoan Kataluniako Òscar Cadiach mendigoizale entzutetsua izango dugu gure artean “Hat trick kataluniarra: Annapurna, Dhaulagiri eta K2” aurkeztuz.
Òscar Cadiach, Antoni Sors eta Carles Vallès-ekin batera, Everesteko gailurra zapaldu zuen lehenbiziko mendigoizale kataluniarra izan zen 1985eko abuztuaren 28an. Baita oxigeno gehigarririk erabili gabe hamalau zortzimilakoak egin zituen lehenbiziko mendigoizale kataluniarra ere. Horretaz gain, alturako zinemako kameraria ere bada, eta hainbat dokumental grabatzeaz gain, mendiko zinema jaialdirik entzutetsuenetan sari ugari lortu ditu.
Òscarrek berak aurkeztuko digu bere ikus-entzunezkoa “Hat trick kataluniarra: Annapurna, Dhaulagiri eta K2”, 2012an hiru hilabetetan igo zituen 8.000 metrotik gorako gailurrak.
Hiru hilabetetan arrakastaz lortu zituen 8.000 metroko hiru munstroren igoerak: Annapurna, Dhaulagiri eta K2 beldurgarria (2004an Magic Line bidetik egin zen espedizio kataluniarrean bere lagun Manel de la Mata galdu zuen mendi bera).
“ 2012an gertatu zena, kolpetik hiru zortzimilakoak lotzea, errepikaezina da. Astro guztiek bat egin bide zuten, ez baita ohiko zerbait. Pentsa, Annapurnan sekula izan gabea nintzen eta lehenbiziko saiakeran igo ahal izan nuen. Elur-jausi arrisku handia egon ohi denez, presio handia sortzen dizun mendia da. Dhaulagirira adibidez, zeregin jakin batekin joan nintzen: mendigoizale baten gorpua aurkitu behar nuen. Aita batek bere semearen gorpua aurkitu nezan kontratatu ninduen. Gailurra egin nuen baina ez nuen gorpua aurkitu. K2 berriz, 8.611 metrorekin, Karakorum mendikatean dagoen Lurreko bigarren gailurrik garaiena da, Everesten ondoren. Igotzeko duen zailtasunagatik eta zortzimilakoen artean bigarren hilkortasun portzentaiarik altuena duelako K2 mendi basatia bezala da ezaguna. ”
AITOR IGUIÑITZ
Urriak 27, osteguna
Usurbe Antzokian. 19:30ean
Ostegunean, 27an, Aitor Iguiñitz ibiltariaren txanda izango da eta “Mundua arnastu nahian” ikus-entzunezkoa aurkeztuko digu.
Aitor Iguiñitz abenturazale andoaindarrak bizikletaz Munduari Itzulia osatu zuen 16 urtetan zehar. 5 kontinenteak zeharkatuz 123.000 km-ko ibilbidea egitearen esperientzia paregabea. Bertan bizitakoak “aurrez aurre” entzuteko aukera izango dugu. .
Aitor Iguiñitzen hitzetan “ Hasieran urte bat edo biko Nepalera egindako bidaia izan behar zuena 16 urtetan zehar bizikletan munduari itzulia emateko bidaia bihurtu da. 2006-tik 123.000 kilometrio egin ditut bi gurpilen gainean, 70 herrialde baino gehiago, Karakorum Highway, Friendship Highway edo Pamir Highway bezalako ibilbideak… beti urruneko baztarretan eta bigarren mailako bideetan eta horri esker bost kontinenteak eta bertako jendea ezagutzeko aukera izan dut.
Ametsak aurrera darrai! Baina, orain, zuekin partekatu nahi dut bidaiaren zati bat. Hori dela eta, nire pentsamenduak zuen aurrean azaleratzeko garaia iritsi da.”
MENDIAK 1976
LUIS ARRIETA
Urriak 28, ostirala
Usurbe Antzokian. 19:30ean
Hurrena, urriaren 28an, ostiralean, ikus-entzunezkoen zikloa isteko Luis Arrieta, dokumentalaren zuzendaria, izango dugu gurea artean bere lana aurkezteko: “Mendiak 1976”.
”Mendiak 1976” dokumentalak 2021-eko Mendi Film Festival-en irekierako galan estreinaldi arrakastatsua izateaz gain, besteak beste, publikoaren saria eta Goi-mendiko pelukularik onenaren sariak irabazi baitzituen, 45 urte beranduago, erreskatean lagundu zien poloniarren espedizioak eta nafarrenak elkarrekin berriz topo ahalbidetu zuen.
“Mendiak 1976”-k gizatasunaren lezioa agerian uzten du zinean 45 urteren ondoren. Mendiaren, laguntasunaren eta galeraren kontakizun bat, Mendiko dokumental batetik abiatu eta pertsonen pelikula batera garamatza. Mendi giroko bulkada batekin hasi arren, zazpi mila metroko altuerako parajeek berehala utziko diote protagonista izateari, hizkuntza bera ere hitz egiten ez duten pertsonen arteko laguntasunaren eta elkartasunaren kontakizun baten agertoki bihurtzeko.
“1976an, Iruñako gazte talde batek historia egin zuen Afganistanen, Shakhaur (7.116 m) mendiaren gailurra zapaldu zuenean. “Lehenbiziko euskal zazpimilakoa” izan zen, baina pozari tristura gailendu zitzaion berehala. Jaitsieran istripua izan zuten: taldekide bat hil egin zen eta beste bat larriki zauritu. Poloniarren espedizio bati esker (“mendiak itxaron dezake, zuen lagunak ez” izan ziren beraien hitzak), erreskate zail bat egin eta lagun bati bizia salbatzea lortu zuten. Gertakizun hark oraindik ere irmo mantentzen den laguntasuna sortu zuen.
‘Mendiak 1976’ mendiarekiko pasioari eta maitasunari, gaztaroari, esplorazioari eta askatasunari buruzkoa da. Baina baita uneoro aldatzen ari den munduan mantentzen den memoria eta laguntasunari buruzkoa ere.”
ESKALADA PRAKTIKAK
ANTZIZAR KIROLDEGIKO ROKODROMOAN
Urriak 29, larunbata
Ikus-entzunezkoen zikloaz gain, urriaren 29an, larunbata, Antzizar Kiroldegiko rokodromoan, ate irekien jardunaldia eskainiko da. Beraz, heldu zein haur, era honetako jardueretara gerturatu eta hastapen urratsak emateko aukera izango da animatzen diren guztientzat. Ekintza honen ordutegia goizean 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 19:30era izango da.”
Anbizio handiko egitarau betea eta erakargarria antolatu dugula uste dugu zalantzarik gabe. Ziur gaude bertaratutakoak gustura geldituko direla eta mendiko kirolen topagune, bultzada eta zabalkunderako aukera paregabea izango dela.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Beasaingo Udalari bere laguntza eta elkarlanagatik, horrenik gabe ezingo baikenuke Mendi Asterik antolatu.
Arrastaka Mendi Taldearen eta Aizkorri Mendizale Elkartearen izenean, orokorrean kirolzaleak zareten guztioi eta bereziki mendizaleak zaretenoi, Beasaingo Mendi Astearen zita honetan gurekin batera parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.